100Fluencers ikerketa - “Komunikabide digitaletan zahartzearen estereotipoen azterketa”
Proyectos
#100Fluencers MatiaZaleak-ek bultzatutako ekimen aitzindaria da, eta bere helburu nagusia da adineko pertsonak eta zahartzaroa komunikabide digitaletan nola irudikatzen diren ikusgai jartzea eta eraldatzea. Adinaren araberako diskriminazioa —edadismoa— iruditeria kolektiboetan duen eraginaz kezkaturik sortu da, batez ere, nagusi diren diskurtsoak murriztaileak, paternalistak edo zahartzaroaren aniztasuna ikusezin bihurtzen duten testuinguru mediatiko batean.
Proposamen hau ikuspegi kritiko eta inklusibo batetik garatzen da, zahartzea prozesu konplexu, heterogeneo eta sozialki baliotsu gisa ulertzen duena. Proiektuak ikerketa zorrotza, tresna teknologikoak eta sentsibilizazio-ekintzak uztartzen ditu ezagutza sortzeko, baliabide praktikoak eskaintzeko eta adinekoen tratamendu mediatikoan aldaketa kulturala sustatzeko.
1.200 albiste digital baino gehiagoren azterketaren bidez, #100Fluencers-ek narrazio- eta ikusizko estereotipoak identifikatzen ditu, haien eragin sinbolikoa neurtzen du eta komunikazio bidezkoagoa sustatzeko alternatibak proposatzen ditu. Horrez gain, kazetarien, erakundeen eta herritarren eskura jartzen ditu baliabideak, hala nola adinaren araberako diskriminaziorik gabeko irudien bankua, aurreiritziak detektatzeko IA bidezko prompten gida bat eta #EzDaAdinKontua kanpainako ikus-entzunezko eduki dibulgatzaileak.
Erakunde publiko eta pribatuen babesarekin, proiektuak erreferente bihurtu nahi du ingurune digitalean edadismoaren aurkako borrokan, bizitzako etapa guztiak errespetatzen dituen gizarte inklusiboago eta pluralago baten alde eginez.
Helburuak
#100Fluencers ikerketaren helburu orokorra da zahartzaroari buruzko narrazio mediatikoak eraldatzen laguntzea, adineko pertsonak komunikabide digitaletan nola irudikatzen diren sistematikoki eta kritikoki aztertuz. Proiektuak abiapuntu du komunikabideek errealitatea ez ezik, iruditeria sozialak ere eraikitzen dituztela, eta horiek zuzenean eragiten dutela jarreretan, politika publikoetan eta adinekoen autoirudian.
Diskurtso edadistak, estereotipatuak edo zahartzaroa ikusezin bihurtzen dutenak nagusi diren testuinguru batean, #100Fluencers-ek ikuspegi integratzailea proposatzen du, adimen artifizialeko tresnak eta interpretazio kualitatibo eta kritikoa uztartuz, narrazio- eta ikusizko eredu ohikoenak identifikatzeko, baita irudikapenetan errepikatzen diren aurreiritziak eta distortsioak ere.
Ikerketa honek diagnostiko- eta ekintza-tresna izan nahi du, zahartzaroaren irudi sozialak nola eraikitzen diren ezagutzeaz gain, adinekoen presentzia digitala eskubideen, aniztasunaren eta inklusioaren ikuspegitik berrirudikatzeko estrategiak eskaintzeko.
Helburu orokor
- Adineko pertsonak komunikabide digitaletan nola irudikatzen diren aztertzea, bai testu-edukiari bai irudiei erreparatuz.
Helburu espezifikoak:
- Adinekoei buruzko albiste digitaletan erabiltzen diren narrazio-ikuspegi ohikoenak identifikatzea eta sailkatzea, haien tonua (positiboa, negatiboa, neutroa edo anbiguoa) eta esanahi sinbolikoak ebaluatuz.
- Testu-hizkeran eta irudikapen bisualetan (argazkiak, grafikoak) agertzen diren estereotipo edadistak detektatzea, eta elementu horiek albisteen edukia indartzen edo kontraesanean jartzen duten aztertzea.
- Testuaren eta irudiaren arteko koherentzia narratiboa ebaluatzea, elementu bisualek informazio-edukia modu egoki eta errespetuzkoan laguntzen duten ala pasibotasunaren, ahultasunaren edo dependentziaren estereotipoak indartzen dituzten aztertuz.
- Adinekoen irudikapenean aniztasuna aztertzea, generoaren, testuinguru sozialaren, funtzionaltasunaren, kultura-jatorriaren edo komunitatean parte hartzearen arabera.
- Komunikabide motak (orokorra, tokikoa, independentea) diskurtso mediatikoen konfigurazioan duen rola aztertzea, eta zahartzaroaren kontakizuna nola eraikitzen den ikuspegi editorialen arabera.
- Kazetarientzako, komunikabideentzako, erakunde komunikatiboentzako eta gizarte-erakundeentzako gomendio zehatz eta aplikagarriak formulatzea, zahartzaroaren tratamendu mediatikoa hobetzeko, komunikazio etiko, inklusibo eta plurala sustatuz.
- Eduki kritikoaren azterketa errazteko adimen artifizialean eta komunikazio bisualean oinarritutako tresna praktikoak garatzea, hala nola adinaren araberako diskriminaziorik gabeko irudien bankua eta narrazio- eta ikuspegi-aurreiritziak detektatzeko promptak.
Emaitzak
Emaitzak
#100Fluencers-ek egindako ikerketak aukera eman du adineko pertsonak komunikabide digitaletan nola irudikatzen diren modu zorrotz eta sistematikoan diagnostikatzeko. Horretarako, 2023ko urtarriletik 2024ko azaroa bitartean argitaratutako 1.248 albiste aztertu dira. Azterketak Adimen Artifizialeko (AA) teknikak eta interpretazio kritiko aditua uztartu ditu, albiste bakoitza sailkatuz narrazio-ikuspegiaren, irudikapen bisualaren, komunikabide motaren eta testuaren eta irudiaren arteko koherentzia sinbolikoaren arabera.
Nagusi diren ikuspegiak:
- Neutrala/Instituzionala (52%): Albiste gehienek ikuspegi tekniko edo administratiboa hartzen dute, adinekoak politika publikoen, estatistiken edo erreformen objektu gisa aurkeztuz. Ikuspegi honek haien dimentsio humanoa eta eragiteko gaitasuna ikusezin bihurtzen ditu.
- Negatiboa (22%): Zahartzaroaren ikuspegi alarmista erreproduzitzen du, mendekotasunarekin, gaixotasunarekin, osasun-sistemaren gainkargarekin edo pentsio-krisiarekin lotuta. Zahartzaroa arazo estruktural gisa irudikatzen duen iruditeria indartzen du.
- Positiboa/Ahaldundzailea (15%): Gutxiengoa bada ere, ikuspegi honek adineko pertsona aktiboak, parte-hartzaileak, sortzaileak eta ahots propioa dutenak ikusarazten ditu. Boluntariotza, berrikuntza teknologikoa, mentoritza, parte-hartze kulturala eta aktibismoa barne hartzen ditu.
- Anbiguoa/Sailkaezina (11%): Testuaren eta irudiaren arteko kontraesanak dituzten albisteak, edo narrazio anekdotiko eta paternalistak erabiltzen dituztenak. Zahartzaroa modu errealistan irudikatzeko koherentzia narratiboaren krisia islatzen dute.
Irudikapen bisualak:
- Irudi gehienek estereotipo edadistak indartzen dituzte: adineko pertsonak bakarrik, jarrera pasiboetan, ospitale edo erakunde testuinguruetan, ahultasun edo mendekotasunaren hizkera bisualarekin.
- Ahaldundzaileak diren albisteek irudi positiboagoak dituzte, baina sarritan salbuespen edo ikuspegi sentsazionalistak dira, hala nola “biral bihurtutako aiton-amonak”, eta horrek zahartzaro aktiboa salbuespentzat hartzea indartzen du.
- Aniztasun intergenerazional, funtzional, etniko eta genero-aniztasunaren presentzia oso txikia da aztertutako irudietan.Komunikabide motaren eragina:
- Komunikabide orokorrak: Ikuspegi alarmista edo estrukturalak nagusi. Oso gutxitan jasotzen dira adinekoen testigantza zuzenak.
- Lurraldeko komunikabideak: Irudikapen hurbilagoak, komunitarioak eta testuinguratuak eskaintzen dituzte. Ikuspegi orekatuagoa.
- Beste komunikabide batzuk (blogak, plataforma independenteak, orrialde instituzionalak): Ikuspegi anitz, berritzaile eta eskubideen ikuspegitik irekiagoak.
Aurkitutako puntu nagusiak:
- Zahartzaroa batez ere gainbeheraren etapa gisa irudikatzen da, bizitza-ibilbideen aniztasunerako lekurik gabe.
- Ikuspegi negatibo edo neutroen gehiegizko presentzia dago, eta ikuspegi ahalduntzaileen gutxiegizko presentzia, iruditeria kolektiboaren eraldaketa mugatuz.
- Adinekoek oso gutxitan dute ahots propioa; aipatzen dira, baina ez dira ordezkatzen.
- Albiste positiboak salbuespentzat aurkezten dira, eta ez bizitza-zikloaren parte normalizatutzat.
- Pieza askotan koherentzia narratiboaren falta dago (adibidez, testu positiboa baina irudi paternalista), eta horrek irudikapenaren krisi estruktural bat adierazten du.
Sortutako tresnak eta baliabideak:
- Adinaren araberako diskriminaziorik gabeko irudien bankua: Lizentzia libreekin eta AA bidez sortuak, zahartzaro aktibo, anitz eta errealista erakusten dute.
- Prompten gida eta AA tresnak: Kazetariek, erakundeek eta herritarrek eduki digitaletan estereotipoak detektatzeko aukera dute.
- #EzDaAdinKontua sentsibilizazio-kanpaina: Zahartzaroaren aberastasuna eta aniztasuna ikusarazten dituen bideo sortzailea eta dibulgazio-materiala.Eragin instituzionala eta soziala:
- Proiektua honako erakundeen babesarekin gauzatu da: Eroski, Guuk, Wetak, Lurnova, Air Liquide, Shernan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.
- Txostenak oinarriak ezartzen ditu komunikazio-politika inklusiboetarako, profesionalen prestakuntzarako eta zahartzaro positiborako erreferente bisualak sortzeko.