- Matia Institutuak egindako ikerketaren arabera, dementzia aurreratua duten pertsonek inplikazioa handitu dute, ahoz eta aurpegiz ongizatea hobeto adierazi dute, gogobetetasuna edo poza erakutsi dute eta kontaktu fisikoa onartu edo bilatu dute
- Ikerketan parte hartu dutenek errealitate birtualeko eduki pertsonalizatuak eta esanguratsuak jaso dituztenean lortu dira emaitzarik onenak
- Dementzia aurreratua duten pertsonekin errealitate birtuala erabiltzea eta pertsona horien ongizatea hobetzeko helburua izatea dira ikerketa honen berritasunak
(Donostia, 2018ko urriaren 11a). “Errealitate birtualeko edukiak ikustearen eragina, dementzia aurreratua duten pertsonen ongizatean eta inplikazioan. Lau kasuren ikerketa kualitatiboa”. Horixe da Matia Institutuko profesionalek pertsona gutxiko talde batekin burututako ikerketaren izenburua. Haren bidez, errealitate birtualeko betaurrekoekin erakutsitako eduki pertsonalizatuak ikustearen eragina egiaztatu ahal izan dute. Matia Fundazioak Zumaian duen Otezuri zentro gerontologikoan bizi diren 4 lagunekin gauzatu da ikerketa; narriadura kognitiboa dute guztiek.
Metodoa
Orain arte, errealitate birtualaren aukerak ebaluazio edo errehabilitazio kognitiboa eta jarduera terapeutikoak egiteko erabili dira soilik. Oraingoan, berriz, Matia Fundazioak sustatzen duen Pertsonarengan Ardaztutako Arreta eredua oinarri hartuta, parte-hartzaileen bizitzan, gustuetan eta lehentasunetan oinarritutako eduki pertsonalizatuak eta esanguratsuak sortu eta errealitate birtualeko betaurrekoekin aurkeztu zaizkie, haien ongizatea eta inplikazioa hobetzeko helburuarekin.
Ikerketan erabilitako errealitate birtualeko eduki guztiak Oroi enpresarekin (www.oroi.info) elkarlanean sortu dira.
Eduki pertsonalizatuek bestelako estimulazio aukeren aldean duten eragina egiaztatzeko, 4 egoera esperimental sortu dira: estimulaziorik gabe, entzungailuekin entzundako musika klasikoaren estimulazioa (Straussen Danubio Urdina), errealitate birtualeko eduki neutrala ikustea (paisaia naturalak) eta, azkenik, errealitate birtualeko eduki pertsonalizatuak bistaratzea.
Emaitzak:
Erabilitako jarduera mota edozein izanda ere, parte-hartzaileen inplikazioa handitu egin zen (arreta bideratuz, estimuluei erantzunez edo elkarrekin hitz eginez), estimulaziorik gabeko egoeraren aldean. Erdiek, gainera, ongizate adierazleak erakutsi zituzten (ahoz edo aurpegiz ongizatea, gogobetetasuna edo poza adieraziz eta kontaktu fisikoa onartuz edo bilatuz), errealitate birtual pertsonalizatuko egoeran.
Beraz, ikerketak agerian utzi du pertsona bakoitzaren bizitzaren ezaugarrietara egokitutako esku-hartze pertsonalizatua faktore diferentziala dela eta eragin handiagoa duela pertsona horiek erakusten duten inplikazioan eta adierazten duten ongizatean.
Esan beharra dago, nahiz eta 4 pertsonarekin egindako ikerketa izan eta muga metodologikoak izan, dementzia aurreratua duten pertsonen ongizate emozionaleko adierazleak hobetzeko helburua duen estimulazioaren esperientziak emaitza onuragarriak izan dituela eta ildo horretan lan egiten jarraitzeko bidea ematen duela.
Ikerketa honek berritasun edo berezitasun bi izan ditu: batetik, dementzia aurreratua duten pertsonekin errealitate birtuala erabiltzea eta, bestetik, pertsona horien ongizatea hobetzeko helburua izatea. Orain arte egindako ikerketa gehienek, aldiz, pertsonen gaitasun kognitiboa areagotzeko xedez soilik erabili dute teknika hori.